(H)ABIAN 2030 Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren (GEH) euskal Estrategia da. GEH Garapenerako Hezkuntzaren (GH) ondorengo estrategia da zuzenean. GH, nolanahi ere, erakunde publikoek bultzatu dute hainbat hamarkadatan, honako hauek sustatzeko: (i) planetako justiziarik ezaz eta desparekotasunaz jabetuta egongo diren herritar kritikoak; eta (ii) aldaketa indibidualak eta kolektiboak sortuko dituzten jardunbide ekitatibo eta solidarioak. Azken hamarkadetan egindako ibilbidea aberasgarria izan da eta ikasteko aukera asko eman ditu. Eskerrak eman nahi dizkiegu ibilbide horretan protagonistak izan direnei. Haien artean, honako hauek aipatuko ditugu: GGKEak, hezkuntza-komunitateak, unibertsitateak, Berritzeguneak, emakumeen erakundeak eta erakunde feministak, astialdiko erakundeak, migrazioari lotutako erakundeak, ekonomia sozial eta solidarioa, bidezko merkataritza, ekologistak, komunikabideak, gizarte mugimenduak eta beste erakunde eta pertsona batzuk. GEHren bidez, GH eguneratu eta egungo egoerak planteatzen dituen erronkei erantzun nahi zaie.
(H)ABIAN 2030: habia eta abian. Habiaren metafora erabili dugu, animalia batzuek sortzeko (eta elkarrekin sortzeko) eta ideiek, proposamenek eta ekintzek hegan egiteko lekua baita. Halaber, izenak berak abian jarri beharra aipatzen digu, eta logoan elkarri lotuta agertzen diren zirkuluek, berriz, Estrategia hau bultzatu duten eta Estrategia honetatik abiatuta bultzatu nahi diren parte hartzeko prozesuei lotutako mugimendua eta bilakaera islatzen dute.
(H)ABIAN 2030 Estrategiak lortu beharreko orientazio bat eta hainbat aldaketa planteatzen ditu, eta hainbat eragile, subjektu eta agentek egin ditzakete haiek lortzeko ekarpenak, bakoitzak bere eremuan. Proposamen inspiratzailea da eta, zenbait alderditan, abstraktua ere bai. (H)ABIAN 2030 estrategiak datozen urteetarako planteatzen duen erronka jardunbide zehatzen bidez GEH zer den zehaztea da. (H)ABIAN 2030 estrategiak errealitatea aldatu eta eralda daitekeelako itxaropena helarazten du, eta gu ere aldatu eta eraldatu egiten gara prozesuan. Horretarako, zalantzarik gabe, estrategia hau gauzatzeko baliabideak ahalbidetuko dituen konpromiso bat behar da gizartearen eta erakundeen aldetik. Estrategia, nolanahi ere, eragile bakoitzak sustatuko dituen proposamen, politika, estrategia, ekintza eta tresna batzuetan zehaztu beharko da.
Izan ere, (H)ABIAN 2030 estrategia sortzeko, agenteen gogoeta bateratu behar izan da, eta GEHren prozesuetan aurrera egiten jarraitzeko konpromisoak eta nahiak hezurmamitu behar izan dira. Horretarako, ibilbide bat garatu dugu, eta lehenengo kapituluan dago deskribatuta.
GEHren aurrekariak eta kontzeptua bigarren kapituluan daude jasota. Kapitulu horretan, gainera, GHren eta GEHren arteko trantsizioaren egungo testuinguruaren azterketa, arau-esparrua, historia eta funtsezko elementuak azpimarratzen dira.
GEH (H)ABIAN 2030 estrategian txertatzeko lana, 6 indar-ideiak eta lortu nahi diren 16 aldaketak dira estrategiaren erreferentziak, eta estrategiaren lanaren gune gisa dihardute. Aldaketa eta ideia horiek hirugarren kapituluan lantzen dira.
(H)ABIAN 2030 estrategiaren zabalkundea, jarraipena eta ebaluazioa funtsezkoak dira estrategia garatzeko (atxikitako pertsonen parte-hartzearekin). Horiek guztiak laugarren kapituluan aipatzen dira.
Azkenik, eranskinean (H)ABIAN 2030 estrategiari atxikitzeko proposamena dago, eta estrategiarekin bat egiten duenak bere gain hartzen dituen konpromisoak daude zehaztuta.
(H)ABIAN 2030 estrategia gonbidapen eta gida bat da, euskal erakunde publikoek, GGKEek eta beste askotariko erakunde eta mugimendu batzuek gizartea eraldatzen lagunduko duten hezkuntza-prozesuetarako ekarpenak egin ditzaten. Gizarte-eraldaketa horretan, giza eskubideak, bidezko botere-harremanak, tokikoa denaren eta globala denaren arteko lotura eta naturaren zaintza errealitate izango dira elkarren mendeko mundu globalizatu honetan. Eskerrak eman nahi dizkiegu Estrategia hau gauzatzen lagundu duten pertsona, entitate eta erakunde guztiei beren parte-hartze eta inplikazioagatik, eta inplikatzen eta Estrategia amestu bezala garatzea ahalbidetzen jarraitzera animatzen ditugu.